ERANDIO

Prentsa Aretoa

2015/03/14

Txorierriko EAJ-PNV-ren hautagaiek berrikuntza eta esperientzia eskaintzen dute hiritarren zerbitzura

Talde jeltzaleak eskualdeko alkategaiak aurkeztu ditu Loiun ospatu den Alderdikide Egunean. EAJren hautagaiek suspertze ekonomikoa eta enpleguaren sorrera lehenetsiko dute kudeaketa esparru guztietan.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Txorierriko Alderdikide Egunak 300 pertsona inguru elkartu ditu, eta jeltzaleek gaurko ospakizuna baliatu dute maiatzaren 24an ospatuko diren udal hauteskundeetan proposatuko diren hautagai-zerrendetako buruak jendaurrean aurkezteko. “‘Txorierri taldeak’ erreleboa ekarriko du. Derio, Larrabetzu, Lezama, Loiu eta Sondikan, hautagai berriek emango dute aurrerako pausua, eta Erandion eta Zamudion ikusi egin dugu azken urteotako lana norabide onean doala” esan du Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidenteak. “Joango direnei, eskerrik asko eredugarri izateagatik eta zuengandik ikasteko aukera emateagatik. Datozenei, zuen herriak eta EAJ-PNV hazi arazteko hartu duzuen konpromisoa eskertu nahi dizuet” esan die esker onez.

Esther Apraiz (Derio), Joseba Goikouria (Erandio), Miguel Ángel Gaztelu (Larrabetzu), Jon Ander Aurrekoetxea (Lezama), Josu Andoni Begoña (Loiu), Xabier Zubiaur (Sondika) eta Igotz Lópezek (Zamudio), eskualde osoko hainbat alderdikide eta alderdizaleen babesa jaso dute. Beraiekin batera izan dira Itxaso Atutxa BBB-ren presidentea eta Unai Rementeria, Bizkaiko Ahaldun Nagusirako hautagaia.

Hautagai bakoitzaren hitzak entzun dira gaur goizeko ekitaldian. Hautagai bakoitzak 100 segundoz azaldu ditu bere lehentasunak eta egitasmoak, gobernu ardurak bereganatzekotan, bakoitzak bere udalerrian garatuko dituenak.

Hitz egiten lehena izan da Miguel Ángel Gaztelu, Larrabetzuko hautagaia. Esan duenez “herrian ageri agerian dago Bilduk azken lau urteotan egin duen gestioak eragin duen etsipena” eta hurbiltasun politikaren alde egin du, inposaketa politika baztertuz.

Lezaman, Jon Ander Aurrekoetxea izango da alkatetzan Alaitz Etxeandiaren lekukoa hartu nahi izango duena. Aurrekoetxeak herriko HAPN-a onartzeak ekarriko dituen aukera enpresarial eta ekonomikoak azpimarratu nahi izan ditu. “Plan Nagusi berriak enpresa berriei emango die Lezaman ezartzeko aukera, eta horrek eragingo du langabezi tasa nabarmen jaistea, bereziki gazteen artean”, azpimarratu du.

Igotz López Zamudioko alkategaia izango da eta kudeaketa iraunkor eta jasangarriaren aldeko apustua egin du. Zentzu horretan, gogora ekarri du udalak 0 zorra izatea lortu duela. Hiritarrek Zamudioko EAJ-PNV-ren alde egiten badute “oso argi daukagu gizarte politikak lehenetsiko ditugula zamudioztarren ongizatea bermatzeko”, zehaztu du.

Esther Apraiz, Derioko alkatetzarako hautagaia eta Lander Aiarzaren lekukoa hartuko duena izan da hurrengoa. Apraizek azaldu duenez Deriok azken urteotan bizi izan duen hazkundearen ondoren, bere lehentasun nagusienetakoa izango da merkatal sarea indartzea, udalerria, eskualde mailan, merkatal gune esanguratsu bilakatzeko helburuarekin. Era berean azpimarratu du Bizkaiko Parke Teknologikoaren garrantzia, herriko ekonomiaren elementu bultzatzaile eta motore den aldetik.

Xabier Zubiaur izango da Sondikako hautagai jeltzalea, eta Gorka Carroren lekukoa hartzea du helburu. Herritarren bizitza kalitateari eusteko eta hobetzeko aldarria egin du “irmotasun osoz hiritarrei eskaintzen zaizkien udal zerbitzuen aldeko apustua eginez” azpimarratu du.

Erandioko alkategai eta oraingo alkate Joseba Goikouriak gogora ekarri nahi izan ditu azken urte hauetan abian jarri diren enplegu planak, eta baieztatu du hori dela herriko “langabezi tasa murrizteko“ eta “erandiotarren bizitza kalitatea hobetzeko” egin beharko den bidea.

Josu Andoni Begoña izango da Loiuko alkatetzarako hautagaia, eta ekitaldia bere herrian egin denez, anfitrioi gisa, bertaratu guztiei adierazi die bere esker ona. “Harrotzeko moduko gauza da Txorierriko Alderdikide Eguna hemen ospatu izana”, esan du. Era berean azpimarratu nahi izan du Bixente Arteagagoitiak aginte makila eraman dituen urteetan egin den kudeaketa lan ona. Maiatzeko hauteskundeek alkate egiten baldin badute eramango duen bideari dagokionez, Begoñak aurreratu duenez “nire eta nire lantaldearen lana izango da udaleko jarduera kulturalak indartzea eta HAPN-a garatzea”.

Unai Rementeriak Txorierriko herritar eta hautagaiei eskatu die beraiekin batera olatura igotzea, eta bertaratu guztiei adierazi die bere ilusioa. Bere hitzetan, olatu hori da Bizkaiarentzat egin den egitasmo berria; enplegua, jarduera ekonomikoa eta gizarte zerbitzu hobeak ekarriko dituen olatua. Eta horretarako “orain eta hemen eskatu nahi dizuet nirekin olatu horretara igo zaiteztela, zuek gabe egitasmo hau ezin izango delako ezer izan”, esan du.

“Lantalde gaztea da, prestatua, beren udalerriaren alde lan egiteko gogoarekin eta, batez ere, herrikideen alde egiteko konpromisoarekin. Ez dugu ahaztuko politikak hiritargoen zerbitzura egon behar duela, hiritarren zerbitzura; beti”. “Hori da EAJ-PNV-ren baitan eta hemen dagoen emakume eta gizon taldean oso argi dugun zerbait”, ezarri du burukide jeltzaleak.

Alderdi Eguna 2018
Jarrai ezazu Gurekin
Aberri Eguna 2018